DIRAYA
 

Talleres de Expresión y Educación Creadora

 
Presentación
Orígenes
*
Ed. creadora
Condiciones
Deriva personal
Aplicaciones
*
Documentos
Imágenes
*
Talleres
Formación
Quiénes somos
Contacto
 
 
2005/10

AISIA

José Miguel CASTRO

"Hemen espresioa zentzu sakonean sortu eta espiritu sortzailea garatzen da"

"Hezkuntza sortzailea" jartzen du atean. Txirrina jo dugu eta Bilboko Egia jenerala kaleko etxebizitza batean duten tailerrera sartu gara. Pintura gelara zuzen. Paretetan era berezian margotutako paper marroia dago. Ondoren esan digu Josemi Castrok ez dela nahita egindakoa, hainbat urtez egindako lanaren ondorioa dela, jendeak margotzen duenean eta paperetik ateratzen denean uzten duen arrastoak sortu duela koadro handi eta berezi hori. Leihoa estali du, bestela atmosfera apurtzen delako eta han bertan, tailerrean, egin dugu elkarrizketa. Espresioaren garrantziaz eta tailerrak espresioa azalerazteko betetzen duen funtzioaz hitz egin dugu Josemi Castrorekin.

Nola funtzionatzen du tailerrak?

Eskola eta zentro gehienetan adin bereko haurrak elkartzen dituzte ikasgeletan, baina guk kontrakoa egiten dugu: talde berean 3 urteko haur bat, 5 urteko beste bat, 15 urteko neskato bat, 30eko emakume bat, 57 urteko gizon bat... egon daitezke. Adibidez, 7 urteko haur batek izena eman nahi badu eta taldean jada 7 urteko beste haur bat baldin badago, ez diogu talde horretan izena ematen uzten. Zergatik? Bada, pertsona bakoitzak tailerrera sartzean honako mezu hau jasotzea nahi dugulako: "Desberdina naiz, hori nire gain hartu behar dut, niretzako oso ona delako eta besteentzat aberasgarria". Beraz, hemen, desberdintasuna eta aberastasuna nagusi diren espazioa sortzen da eta honelako espazio batean nork pintatzen duen hobeto edo okerrago pentsatzeak ez du inolako zentzurik. 'Torbellinoak' egiten ari den 3 urteko haurra duzu, 5 urteko bat figuratxo batzuk egiten hasten da... Pertsona desberdinak ikusten dituzu, espresatzen direnak eta konparagarriak ez direnak, beraz, elkarren arteko harremanak ez dira lehiakorrak, ez dagoelako konparaziorik. Lehia egoeran ezin dira pertsona bezala hazi, baina hemen, bai. Lehiatzea sartu diguten ezbehar handia da, patuaren panpina bihurtzen gaitu, ez dugu gure autoestimuaren, zorionaren eta onarpenaren gidaritzarik. Taldeko egiturak hori ahalbidetzen du.

Hemen, gainera, ez dugu lana epaitzen, jendea berehala ohartzen da eta presio handi hori desagertzen da. Mundu honetan etengabe epaitzen dugu eta epaitzen gaituzte. Epaitzen zaituztenean, inoiz ez zara zure aukeren azkeneraino joaten, ez duzu arriskurik hartzen eta ezin duzu aurrera egin. Hemen norberaren aukerak azken muturreraino eramaten dira; istripuak daude, baina ez da errudunik bilatzen eta horrela, ikasi egiten duzu eta hazi egiten zara. Epaitzen ez zaituztenean, bi gauza gertatzen dira: lehena, lana asko aurreratzen dela eta bigarrena, konparaziorik ez egotean, besteekin kontaktu sakona sortzen dela. Kontaktu hori berehalakoa da. Nik ez nuke pentsatuko 6 urteko haur bat haur autista baten laguna egin zitekeenik. Oreka sortzen da, komunikazio sakona dagoen espazio kolektiboaren artean, eta epaitzen ez den espazio pertsonalaren artean. Berehala, pertsonala den espazio gisa hartzen dute, eta bertan espresioa sortzen da zentzu sakonean.

Hemen ez da eredurik ematen...

Ez dago eredurik eta ez dago irakaskuntzarik, baina irakaskuntza balego baino askoz ere ikaskuntza gehiago dago. Jendeak pentsatzen du (neuk ere hala pentsatzen nuen) irakaskuntza eta ikaskuntza elkarrekin lotuta daudela, baina irakaskuntzak ikaskuntza geldiarazten du, dependentzia sortzen duelako. Adibidez, haur bat etortzen baldin bada eta kolore berdea nola atera dezakeen galdetzen badigu, bi gauza egin ditzakegu: erakutsi, haur eskola eta eskola gehienetan egiten den bezala, baina kontuan izanda dependentzia sortuko diola, nik badakidalako koloreak nola ateratzen diren eta berak ez, edo bestela, ez esan. Hemen bila dezala esaten diogu, baina ez dugu bilaketa horretan bakarrik uzten: bere probak egin ditzan bidea ematen diogu eta halako batean, hainbat proba egin ondoren, berdea lortuko du, poz handia hartuko du eta hortik jasotzen duen mezua "nik neure kabuz egin dezaket" izango da. Indartsu, seguru eta edozein lan egiteko gai ikusten dute bere burua eta orduan, ikaskuntzak ez du mugarik.

Hauek guztiak dira hezkuntza sortzailearen baldintzak: desberdintasuna nagusi den ingurune batean lan egin, inorekin konparatu gabe, epaitu gabe eta egiten duzuna jolasa izan dadila. Oso serioa, baina jolasa.

Talde guztietan jende desberdina egotea ez al da neurri batean errealitateari trabak jartzea? Aukeraketa prozesu hori ez al da apur bat antinaturala?

Ez. Naturaren kontrakoa masifikazioa, homogeneizatzea da. Pertsona talde bat hartu eta ezaugarri bera dutelako denek interes berak, behar berak eta lanerako erritmo bera izan behar dutela pentsatzea, horixe da antinaturala. Desberdinak gara eta artaldera garamatzan taldekatze hori artifiziala da. Hemen bueltatzen duguna munduan jada existitzen ez den naturaltasuna da. Pertsona taldean egoteagatik sakrifikatzen da, uniformatu egiten da eta ez da ongi sentitzen bera den bezalakoa izanda. Hori da antinaturala.

Egindakoa epaitzen ez dela diozu, baina soilik ohiturarengatik, askotan egin beharko dio jendeak hozka mingainari "zeinen polita den!" ez esateko...

Hemen ez. Hori ez gertatzeko moduko baldintzak, egitura eta giroa daude. Talde guztiak oso egonkorrak dira, talde bakoitzean bada 10, 12, 15 urtez dabilen jendea. Lehen aldiz etortzen den jendeak baldintza horiek topatzen ditu eta ez du integratzeko arazorik izaten. Pertsona bezala ez duzu gauzak besteentzako egiteko edo menpekoa izateko beharrik; zure buruarekin gustura egon behar duzu, zure burua maitatu eta edozer gauzatarako gai ikusi.

Espresioari buruz hitz egin dezagun. Zuk diozu ezinbestekoa dela espresioa askea izatea, espresatzeko beharra ez dadila erreprimitu. Zer behar dugu zuk planteatzen duzun era horretan espresatzeko?

Espresioa oinarrizko beharra da, jatea edo lo egitea bezala. Espresioa emisio bat da, espresatzea gure barnean dauden trazu eta elementuen emisioa da, hori da Arno Sternek memoria organiko deitzen duena, gure kode genetikoan dago eta ezin dugu bere emisioa saihestu. Haur batek lehen aldiz errotulagailu bat hartu eta "torbellino" bat egiten badu, hori unibertsala da, berdin du Saharako basamortuan, Afganistanen edo Amerikan egotea. Pertsona desberdinak dira, gauza desberdinak egiten, baina formulazioa deitzen den eta espresioa ahalbidetzen duen trazu multzo jakin batekin. Emisio hori eredurik ez denean bakarrik da posible, eredurik egonez gero, ezin delako egin. Txikitan zure marrazkiari begiratu eta hobeto egiteko zuzentzen bazaituzte, zuk espresatzeko duzun beharra suntsitzen dute. Berez ateratzen zaizkizun trazuak ezin badituzu emititu, espresatzen ez zarela sentitzen duzu eta denari buruz azalpenak eman behar badituzu, hori guztia zure autoestimuaren kontra, zure buruan duzun konfiantzaren kontra doa. Sentituko duzu ez duzula horretarako balio.

Hau al da barnean duguna kanporatzeko era bakarra edo hoberena?

Bai. Baldintzak dira ez dadila epaiketarik izan, ez dadila konparaziorik egon, ez dadila eredurik egon eta ez dadila irakaskuntzarik egon. Desberdintasuna nagusi den ingurune batean lan egiteko aukera izan dezazula, epaitzen ez zaituen hezitzailea dagoen tokian, zure burua epaitzera eramango ez zaituen puntuan.

Beraz, espresioa soilik baldintza hauetan gertatzen da?

Bai.

Hitz egitea ez al da espresatzea?

Bai. Espresatzeko modu desberdinak daude: hitz egitea lehen maila da, espresatzeko modurik azalekoena da. Onura egingo digu beti hitz egiteak, baina gezurra esateko erarik errazena ere bada. Espresioaren maila baxuagoak ukitzen baditugu, zailagoa da gezurra esatea.

Jendeak ez ditu koadroak etxera eramaten, ezta?

Ez. Hemen geratzen dira, betirako artxibatuta. Ezingo lituzkete eraman, eramateko den koadro baten ideiak baldintzatu egiten zaitu, baina hemen ezertarako balioko ez dionez, jendea ez dago baldintzatuta. Normalean buztin tailerretan gehien errepikatzen den pieza hautsontziak dira, jendeak etxera eraman eta zerbaiterako balio izatea nahi duelako eta hemen inork ez du 25 urtean hautsontzirik egin. Ez da mugarik eta hori da joko arau nagusia.

Marrazkiak gordetzen dituzue. Aztertzen al duzue zer esan nahi duten?

Ez. Guretzat interpretatzea edo aztertzea epaitzea litzateke. Norbait hona badator eta bere koadroa hartu eta interpretatzen dugula baldin badaki, ez litzateke hurrengo egunean libreki pintatzera etorriko. Egiten dugun bakarra formulazioa ematen dela egiaztatzea da, badirela elementu batzuk jende guztiak erabiltzen dituenak eta unibertsalak direnak; "gantxoak", "bulboak", estutzeak, erupzioak, erritmoa... Normalean, interpretatzean, buruan duzuna esaten duzu. Guk ez dugu inoiz interpretazioaren tresna erabiltzen, espazio honetan ez dugulako horretarako eskubiderik eta bigarrenik, balio ez duen tresna dela uste dugulako, gehienetan okerrera eramaten duena. Gaur egun modan dago interpretatzea eta mundu guztia horretara jolasten da inolako formaziorik gabe.

Hemen dauden baldintza guztiak eskolan dauden baldintzen kontrakoak dira... Zer kritika egingo zenioke eskolari?

Normalean eskolan dauden baldintzek ez dute espresioa ahalbidetzen; hezitzaileak programa bat ezartzen du eta adin bereko haurrek horri jarraitu behar diote. Horrek ez du pertsona desberdinak egoteko aukerarik ematen eta ez da espresiorik bideratzen. Eskolan dauden baldintzen ondorioz, espresioa ezinezkoa da; soilik hezitzaileak boterea erabiltzen ez duenean, besteen lana laguntzen duenean agertzen da. Posible izango litzateke, hezitzaileak laguntzeko rola hartuko balu, eredurik gabe eta haurrek jartzen dituzten baldintzetan. Kasu horretan gerta liteke haurrak adin berekoekin taldean egon arren, pertsona bezala manifestatzea eta ez ikasle bezala; orduan agertzen da espresioa.

Eta horretarako nola jokatu behar du?

Eredu estetikoak, epaiketa eta programa bakarra alde batera utzi behar ditu. Horretarako bere begiratzeko modua hezi behar du. Zuk lanari bi eratara begira diezaiokezu: zure juizio estetikoaren botoia sakatuta, eta orduan gustuko duzu ala ez. Baina esan diezaiokezu zure buruari ez duzula eskubiderik besteen lana epaitzeko eta beste botoia sakatzen duzu, jada hezita duzuna. Formulazioaren existentzia egiaztatzea da, orduan besteen lanean lagundu dezakezu. Nola egiten da lan hori? Bada pertsona bat eskailera gainean lanean ari bada, nik ikusten dudanean pintura gabe geratzen ari dela, gora eta behera ibili beharrean, beste pintzel bat ematen diot. Ni bere zerbitzura nago, bere lana erosoa egiteko; esaten didate: "Josemi, txintxeta" eta nik enbarazu egiten dien txintxeta kentzen dut, baina ni begiratzen ari banaiz, nire begiratu estetikoa jarriko dut martxan eta, konturatuz gero pertsonak esango dit: "Gustuko al duzu?". Kasu horretan irakasle-ikasle harremana sortuko litzateke eta nik ez dut horrelakorik nahi, baldintzatu egiten nauelako. Esan liteke espresioaren emaginak garela eta horretarako seguru egon behar duzu, orduan segurtasuna transmititzen duzu.

Eskola kritikatzen duzue ez zaiolako norberari den bezalakoa izateko askatasuna ematen, ezta?

Bai. Eskolaren egitura kritikatzen dugu. Adinaren arabera taldekatzeak eta programa eta irakasle-ikasle harremana ezartzeak ikasleak egotea dakar, ez haurrak. Haur baten eta ikasle baten portaera oso desberdina da. Haurra pertsona da, ikaslea beste gauza bat da, rol bat hartu du. Ikaskuntzak zure beharrak eta interesak asetzen ez baditu, beste gauza bat da, eta arazoa da programa baten ondorioz, zure interesei, zure jakin-minari eta zure beharrei uko egin behar diezula inorena ez den erritmo batera joateko, logikak ezartzen duen erritmora joateko.

Kontua da pertsona bakoitzaren interesak eta jakin-mina oso desberdinak izan litezkeela. Hezkuntza sistema osoa eta beharbada gizartea ere aldatu beharko litzateke...

Nik ez diot nire buruari planteatzen alternatiba gisa heziketa eredu globalak ezartzea, uste dut umil jokatu behar dela. Bada hau alternatiba bat dela dioen jendea, baina nik ez dut hori planteatzen; espazio hau sortu dut eta uste dut besteentzako erabilgarria dela.

Hona etortzea terapia antzeko bat al da?

Ez. Terapia gaixoentzat da eta gaixotasunarekin batera amaitzen da. Hemen ez da mugarik, gaixoentzat eta osasuntsu daudenentzat da. Jatea ez da terapia, oinarrizko behar bat da eta espresioa gauza bera. Beste kontu bat da jendeari oso ondo etortzea; badira hona etortzea gomendatzen duten terapeutak, psikologoak eta psikiatrak.

Bada haurren garapena marrazkian islatzen dela dioen teoriarik. Zer iritzi duzu?

Alde batetik, gai horren inguruan liburuak idatzi dituzten gehienek ez dute espresioaren arrastorik ere, ez dituzte bere mekanismoak ezagutzen. Lan guztiek oinarri bera dute: haurrek ikusten dutena marrazten dute, Arno iritsi arte eta deskubritu arte haurrek ez dutela ikusten dutena pintatzen, baizik eta existitzen dena deformarazten diena, hau da, imajinak. Haurrek adin jakin batean egiten dutena zer den ikusi dute, baina orokortu egin dute eta hori ikaragarria da. Guk ere fase desberdinak aipatzen ditugu; figura arkaikoak, figura primarioak, objektu-imajinak eta figura esentzialak, lau faseak, baina ez dugu adinik jartzen, hori gauzak zailtzea delako. Zuk esaten baduzu haur batek halako adinetan halako gauza egiten duela, ordurako ez badu egiten, atzeratuta dabilela pentsatuko duzu eta hori okerra da. Gainera okerreko uste asko dago; haur batek hatzik ez duen panpina egiten badu, gorputz eskema osatu gabe duela esan nahi al du? Hori pentsatzen dute psikologoek, eta ikaragarria da. Liburu horiek guztiak normalean faltsukeriez gainezka daude; gainera batzuek beste batzuen lanak hartzen dituzte oinarri gisa, guztiz zentzugabea da. Egia da pertsonaren emozioak hor daudela eta agian norbaitek deskubrituko du noizbait, adibidez, inbutuak oso estuak badira zerbait gertatzen dela. Baina guk ez dugu interpretaziorik egiten.

Jendeak komentatzen al du hobeto edo okerrago sentitzen dela saio batzuen ondoren?

Bai. Normalean denbora tarte baten ondoren, seguruago sentitzen dira. Segurtasun handia eskatzen duten pausoak ematen dituzte; eskolara joan eta hainbat arau ez dituzte onartzen. Behin haur baten amak kontatu zigun elbarrituen eguna zela eta horren inguruko marrazkia eskatu zuela irakasleak: amari nahi zuena marraztu zuela esan zion eta irakasleari itsuak zirela esan ziola. Espiritu sortzailea garatzen da eta horrek esan nahi du zure arazoak era sortzailean konpontzen dituzula. Transformazio sakona dago baina guk ez dugu hori buruan izan behar, nire helburua pintatzera etortzen den jendea seguruago sentitzea balitz, hanka sartuko nuke. Ez dugu baldintza onenetan plazerarengatik pintatzea baino helburu gehiagorik. Badakigu gero ondorioak egongo direla, baina ez dugu horretan pentsatzen.

Buztina eta mugimendua

Pinturaz gain, buztin tailerra ere badute leku berean: "Pinturaren ereduari jarraituz, iruditu zitzaigun beste ikaskuntza mota batzuetan eta beste material batzuekin ere aplika zitekeela", dio Castrok. Eta pinturarekin eta buztinarekin egin bazitekeen, zergatik ez gorputzarekin? Mugimendu tailerra ere badute, era guztietako musika jarri eta oihalak, zapiak, gonak... erabiliz mugitzen da eta jolasten du jendeak: "Gorputz ez harmonikoak dituela pentsatzen zuen jendeak harmonia duela deskubritzen du. Pertsona guztiek deskubritzen dute imajinatzen ez zituzten gauzak egiteko gai direla".

Kasualitatez ezagututako mundua

Txiripaz ezagutu zuen Josemi Castrok Arno Stern. Bilboko auzo bateko haurrekin pintura saio batzuk egiten hasi zen eta orduan konturatu zen ez zekiela zer zen egin behar zuena. Pedagogia, didaktika, psikologiako gaiak irakurtzen hasi zen, baina ezerk ez zuen asetzen... Bilaketa lan horietan ari zela, deskubritu zuen Arno Stern. Parisera joan eta berarekin trebatu zen tailerrean. "Hara sartu bezain laster ohartu nintzen hori zela balio zuena", dio. Horrela, Bilboko bere tailerra zabaldu zuen. Hemen inguruan, Donostian, Leioan... ere badira eta Europan asko daude, 3000 inguru. Batez ere, Suitzan, Italia iparraldean eta Frantzian. Bilboko tailerrean lau talderekin egiten dute lan, astean ordu eta erdiz.
 

 

Diraya. Talleres de expresión y educación creadora. Vega Martín y Jose Miguel Castro. Calle General Eguía 1, 4º izda. Bilbao. 94 4443092 / 617612646